Bidezko merkataritza formarekin zabaldua nagusiki ostatuetan edaten ahalko da. Ehka (Euskal herriko kola alternatiboa) dauka izena Alternatiba elkarteak aurtengo udan Euskal Herriko ostatuetan zabalduko duen kola berriak. Egitasmo hori Bretainan bultzatu bada ere, bertako elkartearekin sortu elkarlanari esker Alternatiba elkarteak kola hori euskal Herrian zabalduko du, eta geroari begira ekoitzi. Bi azken hilabeteotan Lapurdi eta Nafarroa Behereko hogeita hamar bat ostatutan dago Ehka, eta EHZ Arrosako jaialdian ere aurkitzen ahalko da.
Euskal Herrian bidezko merkataritza garatzea xedea izanik Alternatiba elkarteak "Ehka" Euskal Herriko Kola alternatiboa deitu edaria komertzializatzea erabaki du.
Jadanik Bretainian, Kan Ar Bed kooperatibaren bidez komertzializatua den edari hori Euskal Herriko ostatuetara zabaltzea erabaki du Alternatiba elkarteak. «Bretoiek Beuk izenarekin zabaldu dute Kola hori, eta erran genezake modu horretan saldua den kola bakarra dela munduan», argitu zuen Pascal Mulet elkarteko kideak. Izan ere, bidezko merkataritzaren printzipioari jarraituz, kola edari hori bakarrik modu alternatiboan, hau da, ostatu edo bidezko merkataritza bultzatzen duten saltegietan saltzen da Bretainian. Alternatiba elkarteko kideek asmo berbera daukate Euskal Herriari begira.
«Kola orain zabaltzea erabaki dugu herriko festak hasten baitira eta, premiazkoa iruditzen baitzaigu jaietan egotea. Horretaz gain, EHZ festibalean izango gara. Dagoeneko egiten dute Bretainian, baina, urrirako Ehka zabaltzeko kooperatiba bat sortzekotan gara Ipar Euskal Herriko barnealdean. Hori eginik, barnealdean lanpostuak ere sortuko genituzke. Ekoizpena Hego Euskal Herriko limonada lantegi batean eginen dugu», azaldu zuen Pascal Muletek, eta, geroari begira, multinazionaletatik datozen edari guztiak ordezkatzea helburu dutela gaineratu zuen. Edaria gozatzeko erabiltzen den azukrea, edariaren %75, Kosta Rikako kooperatiba batetik heldu da, eta beste osagarri guztiak produktu naturalak dira. Dagoeneko Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hogeita hamar bat ostatuk kola erabiltzeari baietza eman diote.
«Euskal Herri osoan zabalduko dugu, baina, ez dugu denborarik izan Hego Euskal herriko ostatuekin harremanik izateko», gehitu zuen.
Proiektu hori Euskal Herrian zabaltzen duen elkarte bakarra bada ere, bretoien laguntza izateaz gain, Kataluniako elkarte batekin ere harremanetan sartu dira.
«Bi herri horiekin sortu lankidetzaren eta harremanaren bidez bidezko merkataritza modu hori garatzen duen egitura europar bat sortu nahi dugu. Hasieran egitura horrek edari alternatiboetan nagusituko luke bere lana. Ez dugu beste multinazional alternatibo bat sortu nahi, baina, ohartzen gara elkarrekin lan eginez indar gehiago dugula, eta beraz, ekoizleekiko harremanarentzat bitartekaririk ez ukatea lagunduko luke. Baina, bakoitzak bere eskualdean lan eginen luke», esan zuen. Bestalde, multinazionalen esku dauden beste hainbat produkturekin ekimen bera bideratzeko asmoa dauka elkarteak.
Harpidetza-kanpaina
Ostatuetan saltzeaz gain, Ehka kola marka alternatibo hori zabaldu ahal izateko harpidetza-kanpaina bultzatu du elkarteak. Kanpaina horren bidez edozein herritarrek produktuaren zabaltzea egitea lagunduko du, hau da, garraiatzea, etiketen egitea... Harpidetza egitean herritarrek 24 eurorekin truke 24 botila Ehka erosiko lituzkete. «Ez dugu nahi saltzen dugunarekin dirua egin. Ekoizleek dute prezioa finkatzen, eta horren arabera saltzen dugu. Botila bakoitzak euro bat balio du», argitu zuen Pascal Muletek. Bestalde, bidezko merkataritzan oinarritzen diren saltokietan ere salgai dago edari hori.
GARA, 2003ko ekainaren 4a